KARTOGRAFIA

 HASIERA BATEAN...

         Lehenengo tailer honen helburua nola ikasten dut galdera erantzutea da kartografia baten bitartez. Hasiera batean, gaia zabala eta orokorra dela ikustean pixka bat galduta sentitu naiz baina taldean hitz egin ondoren elkarri lagundu eta estrategi baten bidez ikertzea aukeratu dugu. Esan bezala, taldean estrategia bat bateratu dugu ikerketa errazago egin ahal izateko, hau da, 4 galdera planteatu ditugu; lehenik, non ikasten dugu erantzun beharko du bakoitzak indibidualki bere ikaskuntza espazioei argazki, bideo... eginez. Bigarren galdera noiz ikasten dugu da, honetan bakoitzak ikasten duen ordu edo garaia zein den behatu beharko du. Ondorengo galdera, norekin ikasten dugu izango litzateke eta azkenik, nola ikasten dugun. Taldekide bakoitzak galdera horiek erantzuten doan heinean, whatsapp edo beste komunikabide baten bitartez bere taldeari izandako aportazio edo ideiak eta argazkiak partekatuko dizkio elkar lagundu ahal izateko. Laburbilduz, naiz eta hasieran tailerraren ikerketa zaila ikusi irtenbide bat atera dugu taldekide guztion artean. 

     Kartografia aurrera eramaterako garaian, nire erronka nagusia diseinua izango litzatekeela uste dut. Izan ere, lortutako ideia guztiak lotzeko garaian eta ideia horiek errepresentatzerakoan zailtasunak izango ditut imajinazio falta edo bestelako arazoengatik. Hala ere, arazo horren aurrean taldekideen laguntza izango dudala espero dut eta horrela, denen artean arazo eta erronka ezberdinei aurre egin ahal izango diegula espero dut. 

        Taldeko pertsona bakoitzak ohitura eta esperientzia pertsonal batzuk bizi izan ditu bere bizitzan zehar eta nik, nire esperientzia edo ohitura horiek gehitu ahal izango dizkiot nire taldeari. Beraz, Ikerketa tailer honetan nik nire ikasketa iturriak zeintzuk diren azalaraziko ditut eta nire taldekideek hauetaz ikasteko aukera izango dut. Honi esker, nik nire taldekideen ideia ezberdinak jakingo ditut eta horrek nire kartografiari ideia gehiago gehitzen lagunduko dit.
 
1. ETAPA: DATUAK ANALIZATU 

        Lehenengo etapa honetan taldekide guztiok ekarritako argazki eta ideia ezberdinekin solasaldi kolektibo bat egin genuen, irakasleak arbel digitalean jarri zituen galderetan oinarrituz. 

    Azpimarratu genuen ideia nagusienetako bat, gure ikasketa prozesuan esperientzia ezinbestekoa dela da. Hau da, askotan bizitzan zehar akatsak eginez ikasi ohi dugu. Honekin esan nahi dudana, praktikaren  edo aktiboki egin dugun zerbaiten bidez hobeto barneratu edo oroitzen garela. Gainera, nola ikasten duzu? galdera egiten digutenean inkontzienteki eskola eremura bideratzen dugu gure pentsamendua eta ikastola aurretik aipatutakoaren adibide garbia da. Izan ere, eskola askotan hezkuntza tradizionalaren ondorioz teoriaren bidez irakasten da, baina, haurrek praktikaren bidez eta bere eskuekin egindako praktiken bidez gehiago ikasi ohi dute. Baina nagusitu genuen ideia nagusia eskolaz kanpo ere asko ikasten dela da, hau da, bizitza errealean zein ikastolan ikasten dugu eta aipatu beharra dago esparru batean ikasitakoa beste esparruan aplikatzen dugula, baita alderantziz ere. 

        Hausnarketan hitz egindako beste ideia nagusienetako bat, egunero uneoro ikasten dugula da. Baina ikasketa horretan gure emozioek eragin handia izan ohi dute, bakoitzaren egoera pertsonalak beti eragiten baitu. Gainera aipatu beharra dago, interesak, motibazioak, ikasteko gogoak... ere eragin handia duela. 

        Bestalde, gaur egun teknologiak  gure gizartean garrantzi handia du eta beharrezkoa da etxeetan ordenagailu edo bestelakoak izatea. Gainera teknologietatik gauza ugari ikasi ditzakegu interneten bidez,  baina, neurri batean erabili beharrekoa da. 

        Azkenik azpimarratu beste pertsona batzuengandik asko ikasten dugula. Esaerak dioen bezala pertsona bakoitza mundu bat da, hau da, denok ezberdinak gara eta denok denongandik ikasi dezakegu pixka bat. Adibide garbia da hausnarketa edo solasaldi kolektibo hau, izan ere, hemendik ateratako ideietatik kartografia bat osatuko dugu eta beste pertsonei entzundako ideietatik gure pentsamendua zabaldu dezakegu gehiago ikasiz.
 
2. ETAPA: DATUAK ANTOLATU

       Aurreko etapan egin genuen solasaldiari esker, nik osatu behar nuen kartografian jarri behar nituen ideiak argitu nituen. Hausnarketari esker nire ideien pentsamendua asko  zabaldu zen eta esan bezala argi nuen zer egin nahi nuen. Bizitzan zehar bizi eta ikasi ditugun gauza guztiek osatzen dute ni neu naizena, hau da, Garazi. Nire ustez bizitzan zehar ikasi ditugun gauzek osatu dute nik gaur egun dudan adimen zabala edo osatzen nauten ezagutzak. Adimena zabaltzeaz gain pertsonalki ere handitzen gaitu ikasitakoak, hau da, orain dugun nortasuna, iritziak, ideologia... Honekin guztiarekin azpimarratuko nukeena, nik bizitzan zehar ikasi dudan guztiagatik naizela naizen bezalakoa.

       Nire bizitzan zehar izan dudan ikasketa prozesuan nire bidelagun izan diren eta gaur egun oraindik nirekin dauden pertsonak, lekuak, momentuak... Bidelagun guzti horien artean niretzat ezinbestekoena nire familia da. Izan ere, hauek ni jaio nintzenetik nire ondoan egon dira eta hauek irakatsi dizkidate baloreak, heziketa... hau da, bizitzarako oinarria irakatsi didate. Beste alde batetik hezkuntzaren aldea aipatuko nuke, nire 18 urteetan arlo honi esker jaso ditudan praktika, teoria eta baloreak. Azkenik hirugarren puntua, nik aukeratutakoak izango lirateke. Hau da, nire bizitzan zehar aukeratu ditudan lagunak, bidaiak, dantza taldea... Horiek nire erabakien bidez lortu ditudan gauzak dira, eta horiekin bizi izan dudan gauzekin, ikasi ditudan gauzekin, gaur egun ni naiz. Aurretik aipatutako hiru puntuen loturari esker, sortu eta osatu da gaur egungo Garazi. 

       Orain arte aipatutako ideia guztiak kartografia batean islatu nituen, honen emaitza hauxe izanik:


3. ETAPA: AURKIKUNTZAK AURKEZTU


        Nire kartografian nire ikaskuntza prozesuan eragin handiena izan duten pertsona, hezkuntza, espazio... islatu ditut. Izan ere, haiengandik ikasi dudanak eragin handia izan du nire ikaskuntza prozesuan eta haiengatik naiz ni naizen bezalakoa. Bestalde, nere bizitzan zehar izan ditudan esperientziek ere eragina izan dutenez, bidaien bidez islatu dut alderdi hau


        Nire kartografiaren azalpena: 

       Gorriz inguratutakoa nire dantza taldea da, bertan Euskal dantzak egiten ditugu. Bertan letra txikiz hitz batzuk ageri dira, hori nire dantza taldeak transmititu eta honen bidez ikasi dudana da; adibidez, disziplina, talde lana, konpromezua...


          Hurrengoa eta nire ustez garrantzitsuena, urdinez inguratuta daudenak familia da. Nire iritziz ezinbestekoa da familia nire ikaskuntzan, izan ere, jaio nintzenetik nirekin egon diren pertsonak dira eta hauek irakatsi didatena bizitzako momentu guztietan presente dago. Hala nola, ohiturak,  baloreak, maitasuna... horiek dira familiak transmititu dizkidan ikaskuntza batzuk.


         Horiz inguratuta dagoena nire lagunak dira, hauek ere ezinbestekoak dira niretzat. Nire lagunak nire familiaren parte dira, hau da, nire ustez nik bizitzan zehar aukeratu dudan familia da. Bizitzako erronka ezberdinei aurre egiten lagundu didatenak, eta hauek ere gauza asko irakatsi dizkidate nire ikasketa prozesuan. Besteak beste, naturaltasuna, lorpenak, enpatia, entzuten, hitz egiten, konpromezua, dibertsioa...


       Hurrengoa berdez inguratutakoa, hezkuntza da.  Hezkuntza arloan nire 18 urteetan zehar bizitzari aurre egiteko edo bizitzan bideratzeko oinarrizko tresnak eskaini dizkidate, praktikoak zein teorikoak. Hezkuntzak nire ikaskuntza prozesuan honako hau transmititu dit: interesa, talde lana, bizitzako oinarriak, behaketa...
  

         Arrosez inguratuta dagoena nire bidaiak izan dira.  Nire bidaiekin esperientzia berriak bizi zian ditut, beste kultura batzuk ezagutzeko aukera izan dut eta nire iritziz, bidaia horiei esker egoera eta gauza ezberdinak barneratu ditut. Ikasketa prozesu honetan nire bidaiek honako hau eskaini didate: interesa, gogoa, esperientzia, askatasuna...


         Beste alde batetik noiz ikasten dudan galderari erantzuterakoan, denborak nire ikasketa prozesuan ez duela eraginik esango nuke, izan ere, bizitzan zehar uneoro zerbait ikasten dudala uste dut. Beraz, ez dago eguneko momenturik bestetan baino gehiago ikasten denik momenturo zerbait ikasten baitut. Horren ondorioz, nire kartografian ez dut denborarik islatu honek ez baitu eraginik nire ikaskuntzan. 

         Azkenik non ikasten dudan galderari dagokionez, hezkuntza arloko gauza teorikoak nire etxe edo zentroan ikasi ohi ditut baina, nire ustez nire ikaskuntza hezkuntza haratago dagoela uste dudanez bizi ditudan egoera edo espazio guztietan ikasi dudala esango nuke, hezkuntza arloan zein honetatik kanpo. Gainera, nire ustez hezkuntzatik kanpo ikasi dudan guztiak ni pertsonalki handiagoa izaten lagundu dit. 

4.ETAPA: HAUSNARKETA

         Nire kartografiarekin ateratako ondorioak oso positiboak izan dira. Lan honek transmititu didana hausnarketa sakona egitea da, hau da, ez nuen inoiz pentsatu nire ikaskuntza prozesuan. Izan ere, aurretik esan bezala askotan nola ikasten dudan galderaren aurrean inkontzienteki hezkuntza arloan besterik ez nuen pentsatzen. Baina hausnartzerakoan, eskolaz kanpo hezkuntza arloan baino gehiago ikasten dugula ondorioztatu dut. Eskolaz kanpoko esperientziei edo bizitako esperientziei esker, eta esperientzia horiek nirekin bizi izan dituzten pertsonei esker gehiago ikasi dudala ikusi dut. 

         Gainera, gai honen inguruan hausnartu izanak nire etorkizuneko lanerako balio izan didala esango nuke. Izan ere, ikasle bakoitzak istorio eta bizipen ezberdinak izango dituztela ikusi dut eta horrek nik irakatsitakoan eragin handia izango duela uste dut. Izan ere, pertsona bakoitza mundu bat da eta eskolaz kanpo duten ingurua desberdina izango da, hau da, bakoitzak balore, heziketa edo ideologia jakin bat ekarriko dute etxetik ikasita eta beraien ikaskuntza prozesuan nik irakatsitakoak ere eragina izango du.

GELAKIDEEN KARTOGRAFIAK EZAGUTZEN...

        4.asteko klasean, kartografiak amaituak genituenez, taldeko bat aukeratu genuen. Klasean, kartografiaren egileak, taldez-talde beraien lana aurkeztu eta azaltzen aritu ziren. Gure taldean, Amaia ibili zen bere kartografia aurkezten. Hona hemen bere proiektuaren emaitza: http://amaiaurain.blogspot.com.es/p/kartografia.html

        Beste hiru kideak, besteen kartografiak ikusten ibili ginen.

        Lehenik eta behin, Garazi Urrutikoetxearen kartografia ikusi genuen. Berarentzat ikastea barneratzea zela azpimarratzen zuen, izan ere, praktikatzen duen yogan oinarrituz, ikastea prozesu zerebrala dela esan zigun. Aurre ezagutzen gainetik, ezagutza berriak kokatzean datzala ikaskuntzak aipatu zigun, eta prozesu horretako tresnak azaltzen dira bere kartografian: egin, errepikatu, konstantzia.... Bestalde, zentzumenei ematen dien garrantzia ere azpimarratu zigun; sentitu, ikusi eta entzun hitzekin irudikatuz. Horrez gain, azaldu zigun aurre-ezagutzak, ezagutza berriekin elkar erlazionatuz, neurona sare berriak sortzen direla, eta horregatik lotu dituela kontzeptu guztiak neurona baten bitartez. Azkenik, ikasten laguntzen ez duten kontzeptuak ere idatzi ditu.


  
  
         Bigarrenik, Ane Zabaleta etorri zen gure taldera. Berak puzzle baten bitartez irudikatu zuen bere ikaskuntza-prozesua, ikasitako guztiagatik baita Ane bera dena. Familia eta lagunek paper garrantzitsua betetzen dutela esan zigun, baloreak, jakin-mina... transmititu baitizkie. Bidaiak eta natura ere aipatu zizkigun, ikasitako gauza asko bertan praktikan jartzen baititu. Amaitzeko, pieza zurien esanahia azaldu zigun, ikaskuntza-prozesuak zabaltzen jarraitzen duelako, hain zuzen ere. Eta pieza bakar bat faltako balitz, dena ezberdina litzatekeela esanez bukatu zuen.

 

         Carmen Santibañez-en kartografia ikusi genuen ondoren. Berak teknologia berrien bitartez, era digitalean eraiki zuen bere kartografia. Hainbat modu ezberdinetan ikasten duela aipatu zigun: praktikatuz, inkontzienteki (sinboloen esanahia), esperimentatuz, informatuz (interes pertsonala), harremanetan, behatuz (egoera ezberdinak) eta zentzumenen bitartez. Argazki ugari bildu zituen esparru bakoitza islatzeko.

 

          Azkenik, Andrea Sierraren kartografia izan genuen ikusgai. Berak eutsitako puxiketan kokatu zituen inguratzen duten ikaskuntza zutabeak: familia, kirola, unibertsitatea, lagunak eta IKT-ak. Ikas-prozesuari lotutako hitzak daude Andrea puxikekin lotzen duten sokan zehar. Izan ere, bere ikaskuntza-prozesuaren eskuhartze nagusia berak duela azpimarratzen du.

 

         Klasean zehar, kartografia bakoitza laburtuz azpimarratuko genituzkeen hitzak idazten joan ginen arbel digitalean, eta amaieran sailkatu egin genituen elkarrekiko parekotasunak zituztenak. Hauxe izan zen emaitza:



 
NIRE TALDEKIDEEN KARTOGRAFIAK





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina